Munduan beste asko legez, arto koxkolez… duela 3 urte exkax, jarri ginen martxan aita eta biok ideia honekin.
Fantasia zirudien bi kaletarrak horrelakoa martxan jartzea, bere xumetasunean zentzugabekeria, finean artoa eta ondorioz taloa baserriko kontuak izan ohi baitira beti.
Baina kasualitateak ere ematen dira eta garai haietan,
- aita Barin baserrian bizi zen, Covid-aren aroan. Han zegoela hasi zen landatzen artoa babarrunekin batera eta hortik etorri zen bildutako arto alea Zubietako errotara eramatea ehotzeko eta larunbatero talo-afariak egitea, bertako amona Dolorexen jakinduriapean.
- ni aldiz umeekin basoan (Baso Inguru) irakasle lanetan aritzearekin batera, Espainiako itzulian ibiltzen nintzen uda garaian catering zerbitzuan. Gainera nire bikotekidea glutenari eta laktosari intolerantzia zioenez, erabat murgildu ginen aitak ematen zigun arto-irinarekin egunerokoan.
Gauzak horrela Orereta ikastolak antolatutako 2023 Kilometroak-etan animatu ginen elkarlanean gune baten antolaketa eta haren finantzazioaren ardura hartzeaz. Borobila atera zen esperientzia eta hainbat eta hainbat laguntzaileekin batera lortu genuen gure aletxoa jartzea ikastolen alde. 900 talo zerbitzatu genituen!
Pozik egindakoaz eta pilatutako esperientziarekin ausartu ginen hurrengo erronkari heltzea: Donostiako 2023ko San Tomas egunean talo postu bat jartzea. Pentsatu eta egin eta….majo sufritu! Eguraldiak proban jarri zigun eta enbatak hankaz gora jarri zuen ia-ia talo postua.
Hala ere, eguna amaitu arte eutsi genion eta onik atera ginen.
Proba hori gaindituta aurrera egitea erabaki genuen familiaren laguntzarekin eta gaur arte.
Geroztik toki anitzetan aritu gara lanean, talo ikastaroak eman ditugu, ezkontzetan eskaini ditugu gure taloak edo 2026ko Frankfurteko Munduko Sagardo Txapelketan (Cider World), Errealeko Topagunean kopako finalean, baina gure herriko jai eta azoketan (Euskal Jaietan Gernikan, San Prudentzio Gasteizen, Aguraingo azokan, Inauterietan Tolosan, Txotx denboraldian Hernanin, Donostiako Aste Nagusian eta Danborradan, Zumarragako Santa Lutxi azokan, Eibarreko San Andres azokan, eta abar eta abar aritu gara gehien.
Edonori irudituko zaio 3 urte exkax pasa direnean gure historia kontatzea azkarregi dela, perspektiba pixka bat ere behar dela kontakizunetan ibiltzeko. Eta ez zaio arrazoia faltako; baina kontua da gure ibilbidearen abiadura han izugarria eta azkarra dela nahiago izan dugula, ahaztu baino lehen, orain artekoaren lekukotasuna jaso eta hemen gorde.
Jarraitzen dugu ikasten, ahaztu gabe nondik gatozen, konprometituak gure izaerarekin, herriarekin eta bertako produktuekin ahal dugun zerbitzu hoberena eskaintzen.
Nahi duzuenera arte.